Sareko euskal entziklopedia berri baten beharraz
Entziklopedia berri bat sortuko omen du Eusko Jaurlaritzak. Garai berriotan beste era batera izan ezin daitekeen modura, sarean argitaratuko ei da. Prezioa: 200.000 euro.
Behingoagatik, ados nago Jaurlaritzaren argudioekin, sarean egongo den euskarazko entziklopedia ganorazko bat proiektu estrategikotzat daukadalako nik ere, hizkuntzaren normalizazio eta prestigioa lortzeko prozesuan. Euskaldunontzat tresna paregabea, dudarik gabe.
Eta zorionez, gauden XXI mende honetan, ez gara utopia batez ari; egunero-egunero hobetzen doan errealitate bati buruz baizik. Badaude euskarazko entziklopediak sarean. Zertarako behar da beste bat?
Ba, niri, 200.000 euro ongi inbertituko direla iruditzen zait, proiektua ganoraz egiten bada.
Alegia, entziklopedia bat sortzen badu EJk:
- Lehendik ordainduta duen edukia berrerabiliz (alegia, lehendik lagundu dituen entziklopedietako edukia berrerabiliz)
- Sarean modu txukunean publikatuz
- Sarean aprobetxatzeko modua eskainiz bestelako programei. Adibidez, ganorazko API bat emanda
- Eta, batez ere, lizentzia libre bat ipiniz.
Hori bai litzatekeela Wikipedia laguntzeko bidea.
Hori egingo duen? Ez dakit. Seguraski ez. Baina, niri behintzat, informazio gehiago falta zait iritzia emateko.